Espektatiba guztiak gainditu dira eta izakinak be agortu dira. Horixe esan geinke Galdakaon 5. edukiontzia ipinteko esperientzia pilotuaren fitxa teknikoan. Ganera, udalerri hau da helburu horretarako zarama-bilketa pneumatikoaren sistema erabiltzen lehenengoa.
Kozinatu bako hondakinak banatzeko komunikazio-kanpaina amaitu ondoren, 1.571 etxek emon dabe izena, hau da, 4.700 etxetatik %33,4a. Beraz, partizipazio-portzentajea handia izan da.
Materialei jagokenez, izakinak agortu dirala adierazo behar izan da eta familien itxaron-zerrenda sortu da. Familiok materiala jasotzeko hile batzuk itxaron beharko dabe. Parte hartze honek islatzen dauana da biztanleak kontzientziatuta dagozala ingurumenari inpaktua murriztu behar jakola eta eguneroko ohituretan aldaketa txiki batzuk egiteko prest dagozala.
Ekoizle handiei jagokenez, 20 izan dira izena emon dabenak: 7 fruta-denda, 2 lora-denda, 9 taberna/jatetxe, supermerkatu 1 eta pasteleria/gozotegia 1.
Ostalariek eta dendariek parte hartzea ezinbestekoa da Galdakaoko berziklatze-indizeetan isla garrantzitsua izan daiten, batez be, sortzen daben hondakin-kopuruagaitik.
Galdakaoko udaleko alkateordeak eskerrak emon deutsiez herritarrei eta dendariei, “berziklatzearen eta iraunkortasunaren aldeko politikakaz hain sentsibilizatuta egoteagaitik”.
Ekimen hau Galdakaoko udalak antolatu dau eta Bizkaiko Foru Aldundiak kofinantzatuta dago.